Categoría: San Fermin

  • Festatik lasaitasunera: Bizi sanferminak eta gozatu atsedena Iruña inguruetan

    Festatik lasaitasunera: Bizi sanferminak eta gozatu atsedena Iruña inguruetan

    Sanferminek bizitasuna, poza eta ospakizuna ekartzen dizkigute gogora, baina era berean, zalapartatik aldentzeko eta une lasaiak topatzeko aukera eskaintzen dute. Iruñean eta inguruetan diren gune eta jarduera asko ezin aproposagoak dira jaiaren bizitasuna atsedenarekin, naturarekin eta ongizatearekin orekatzeko. Sanferminei darien zirrararen ondotik, giro lasaian ibili nahi baduzu, Nafarroak gorputza indarberritzeko aukera ugari eskaintzen dizkizu.

    Iruñeko leku lasaiak: Lasai egoteko eta zalapartatik aldentzeko parkeak eta lekuak

    Bestaren borborraren erdian, Iruñeak bestelako txokoak ere baditu eta, haietan jendea badabil ere, lasaiagoak dira eta naturaz gozatzeko aukera izanen dugu. 

    • Takonerako parkea: Iruñeko lorategirik zaharren eta ospetsuenetako bat da. Berdegune zabalak, iturriak eta parke zoologiko txikia… Horra hor zergatik den parke hau leku ezin hobea paseoan ibiltzeko eta zaratatik aldentzeko. Gainera, bertako begiratokietatik inguruz inguru ikusiko ditugu bai lubanarroak, bai lorategi bihurtutako bazterrak; hitz batez, ingurune ezin aproposagoa da argazkietarako. Sanferminetan, jende guztiarendako jarduerak egiten dira Takoneran, hala nola kontzertuak, aurpegi-margoketak, merkatu txikiak eta musika-emanaldiak. Lekua erabat lasaia ez bada ere, erdigune historikokoa baino giro familiarragoa eta lasaiagoa eskaintzen du, eta leku ezin hobea da jaiaz ingurune irisgarriago batean gozatu nahi dutenendako.
    • Yamaguchi parkea: Diseinu japoniarra duela, parkeak giro barea eskaintzen du urmael, zubi eta lorategien artean. Ezin aproposagoa da yoga egiteko, irakurtzeko edota, besterik gabe, eseri eta paisaia begiesteko. Bidexka inguruko gereziondoak loretan dira udaberrian; horregatik da leku hau ezin ederragoa.
    • Gaztelugibeleko parkea: Ziudadelaren inguruan, berdegune zabal horrek historia eta natura uztartzeko parada eskaintzen digu. Bertako belardi zabalak ezin egokiagoak dira piknikak egiteko, zuhaitzen itzalpean atseden hartzeko eta su artifizialak ikusteko.
    • Media Luna parkea: Arga ibaia begiradapean duela, parke hau ezin hobea da natur ingurune baten bila dabiltzanendako, bide lasaietan ibiltzeko eta laster egiteko. Lorategiz hornitutako bazterrak eta estrategikoki kokatutako jarlekuak arras erakargarriak dira bertan gelditzeko eta inguruneaz gozatzeko. 
    • Argaren ibai-parkea. 52 kilometro baino gehiago, ibai bazterreko zuhaitzen artean oinez edo bizikletaz ibiltzeko, hiriko zalapartatik urrun.

    Bazter horiek guztiak erdiguneko zaratatik urrun daude eta ezin hobeak dira geure burua indarberritzeko, festari berrekin baino lehen. 

    Ihesaldi hurbilak: 6 ibilbide Nafarroan barna zalapartatik atseden hartzeko

    Iruñea inguruan, Nafarroak paisaia ikusgarriak eta ibilbide zoragarriak eskaintzen ditu, bertako natur eta kultur aberastasuna ezagutzeko.

    • Iratiko Oihana: Europako pagadi-izeidirik handienetako bat da. Oinez ibiltzeko bidexkek lasaitasunaz eta edertasunaz betetako ingurune paregabea arakatzeko parada ematen dute. Leku ezin aproposagoa da xendazaletasuna edo mendiko txirrindularitza egiteko, bertako faunaz eta floraz gozatzen dugun bitartean.
    • Urederraren Iturburua: Ur garden urdin turkesez betetako natur ingurunea da, landaretza oparoz inguratutako bidexketan barna ibiltzeko. Garaiz egin behar da erreserba inguru hartan sartzeko eta bazterrak zaintzeko.
    • Baztan Ibarra: Paisaia berdeak eta herri xarmadunak ditu ezaugarri; Elizondo, adibidez. Baztanek ibilbideak eta tokiko gastronomia eskaintzen ditu, inguru zoragarrian. Gainera, errota zaharrak eta Nafarroako baserri bereizgarriak bisitatu daitezke.
    • Gares: Erdi Aroko herri historiko hau gakoa da Donejakue Bidea, nahitaez ikusi beharreko lekua historiaren eta arkitekturaren bila dabiltzanendako. Izan ere, karrika harriztatuak, zubia eta eliza erromanikoak osagai ezin egokiagoak dira kultur bisita aberasgarria egiteko.
    • Irunberriko Arroila: Mendi-zintzur ikusgarria da, Irati ibaiak gurutzatua, ezin hobea mendi ibilbideak egiteko eta hegazti harrapariak ikusteko. Ibilbidea bide berde bat da, Irati trenbide zaharrari jarraitzen diona, eta ikuspegi eder-ederrak eskaintzen ditu.
    • Bide Berdeak: Ihesaldi horien bidez, Nafarroako paisaia aniztasuna arakatzeko eta naturaren erdian erabat baretzeko uneak topatuko ditugu. 

    Landa turismoa eta enoturismoa: Landetxeak, mahastiak eta gastronomia esperientziak

    Nafarroa kontrastez eta zaporez beteriko lurraldea da, eta aukera ugari eskaintzen ditu landa turismoaz eta enoturismoaz gozatzeko. 

    • Landetxeak: Nafarroa osoan banaturik, landetxeek naturaz inguratuko leku lasaietan ostatu hartzeko aukera ematen dute. Landetxeak Nafarroako Pirinioetatik mahastiak etxeen ondoan dauden lurraldeetaraino daude sakabanatuak; beraz, gustu guztiak asetzeko modukoak. Batzuetan, gainera, tokiko produktuekin egindako gosariak eskaintzen dira, bai eta jarduerak ere, hala nola artisautza-lantegiak.
    • Ardoaren Ibilbideak: Nafarroako ardoaren bidearen barnean, upategiak bisitatu eta dastatzeetan parte hartu daiteke, gure eskualdeko ardogintza tradizioa ezagutzeko. Nafarroako Ardoaren Bidea – Enoturismoa Espainian barna, Ardoaren Turismoa webguneak informazioa ematen du upategi familiarretan egiten diren bisita gidatuez eta ardo dastatze paregabeez.
    • Gastronomia esperientziak: Ardoez gain, Nafarroak gastronomia goxoa eskaintzen du, tokiko produktuak ardatz harturik. Badira aukera ugariak, landa esperientziaren aberasgarri; besteak beste, museo tematikoak bisitatzea (boilurra, olioa, patxarana, etab.), merkatu tradizionalak ikustea edo sukaldaritza lantegietan parte hartzea. Ez galdu plater tipikoak ahogozatzeko aukera, hala nola bildoskia txilindronean edo Nafarroako zainzuriak.

    Bainu-etxeak eta lasaitasuna: Ongizate arloko aukerak Nafarroan, festatik indarberritzeko

    Festetan buru-belarri aritu eta gero, aukera ezin gozagarriagoa da lasai unerik oparitzea geure buruari. Nafarroak bainu-etxeak eta ongizate zentroak ditu, gogoa eta goputza lasaitzeko eta berriro suspertzeko.

    • Elgorriagako Bainu-etxea: Ur mineralak eta sendagarriak dituela, bainu-etxe honek terma-zirkuituak, masajeak eta ongizate tratamenduak eskaintzen ditu natur ingurune batean. Bertako flotazio-igerilekua Europako gazienetariko bat da, esperientzia paregabea eskainita.
    • Fiteroko Bainu-etxea: Espainiako zaharrenetariko bat da, eta bertako ur termalak ospetsuak dira, sendagarriak baitira. Bertako instalazioetan, tratamendu eta lasaitze arloko hainbat aukera eskaintzen dira, burbuila-bainuak eta lohi-bilgarriak barne.
    • Hiriko spa zentroak: Iruñean era badira hiri-spa zentroak, eta masajeak, terma-zirkuituak eta edertasun tratamenduak eskaintzen dituzte, ezin hobeak pausaldi azkar baterako. Gune horiek lasaitasunerako bidea ematen dute, hiritik atera gabe.

    Gune horiek ezin hobeak dira jaiaren zalapartatik ihes egiteko, eta gorputza eta burua zaintzeko. 

    Zalapartarik gabeko kultura: Museoak, monasterioak eta zaratatik aldendutako jarduerak

    Nafarroak, halaber, kulturaz ikuspegi lasaitik gozatzera gonbidatzen gaitu; izan ere, baditu historiarekin eta artearekin lotzeko aukera ematen duten guneak, jaietako jendetza handietatik urrun.

    • Leireko San Salbatore Monasterioa: Erretiro espiritualerako lekua izateaz gain, monasterioak bisita gidatuak eta kantu gregorianoko kontzertuak eskaintzen ditu. Mendilerroaren erdian dagoenez, leku baketsua da zinez.
    • San Migel Aralarkoa: Aralar Mendian kokatua, San Migel Santutegia Nafarroako erlijio gunerik zaharren eta adierazgarrienetako bat da. Pagadiz eta mendi paisaiez inguraturik, eliza erromanikoak esperientzia espirituala eskaintzeaz gain, natur ingurune ezin egokiagoa da baretasunaren eta naturarekiko harremanaren bila dabiltzanendako. Horrez gain, talaia guztiz egokia da Sakana eta Aralar Mendia bere ederrean ikusteko. 
    • Xabierko Gaztelua: Xabierko Gaztelua Erdi Aroko gotorleku hutsa baino askoz gehiago da: San Frantzisko Xabierkoaren jaiolekua da, Nafarroako eta misioen zaindariaren sorlekua, alegia. Artaz zaharberritua, barnealdea, omenaldi-dorrea, aldameneko eliza eta hainbat erakusketa historiko daude bisitagai. Urtero, ohiko Xabierraldia egiten da, hau da, Nafarroa osoko milaka lagun bizikidetza eta debozio giroan biltzen dituen erromesaldi jendetsua.
    • Urdazubiko eta Zugarramurdiko leizeak: Nafarroa iparraldeko ibar berdeen artean, Urdazubiko eta Zugarramurdiko leizeak daude; bi formazio geologiko dira, biak ere naturaren opariak, zein baino zein ederragoa, bi-biak elezaharrei lotuak. Urdazubikoetan estalaktitak dira nabarmentzekoak, bai eta ibilbide gidatu arras hezigarria ere. Zugarramurdikoak, berriz, inkisizio-auziak eta sorginkeriaren inguruko elezaharrek eraginda dira liluragarriak. Bi leizeak bisitatuz, Nafarroako naturan eta herri iruditerian barneratuko gara.
    • Donejakue Bidea: Iruña Donejakue Bidearen funtsezko guneetako bat da. Tarte batzuk egiten baditugu, ibilbidearen aberastasuna gozatuko dugu,d ela kulturari begira, dela paisaiari begira. Jarduera ezin hobea da kirola eta kultura uztartzeko.

    Sanferminek gustu guztietarako esperientziak eskaintzen dituzte. Emozioaz eta zalapartaz haratago, Iruñeak ezin konta ahala aukera eskaintzen ditu une lasai eta gozagarriak topatzeko natur eta kultur ingurune zoragarrietan. Beraz, jai biziak eta une lasaiak txandakatzea gakoa da sanfermin orekatuak bizitzeko, une bakoitzean ahalik eta gehien gozatuta. 

  • Sanferminetako tradizioak: kultura eta ohiturak

    Sanferminetako tradizioak: kultura eta ohiturak

    Sanferminak Nafarroako jairik bereizgarrienetako eta ospetsuenetako bat dira nazioartean. Tradizioa eta kultura uztarturik, ospakizunak milaka bisitari erakartzen ditu urtero, esperientzia paregabean murgiltzeko.

    Sanferminak ez dira soilik deigarriak festa hutsari begira, Iruñeak eta bertako jendeak eskaintzen duten abegikortasunari begira ere baizik. Iruindarren berotasunak eraginik, bisitari bakoitzak ongietorri goxoa sentituko du eta nekerik gabe barneratuko da poza nahiz laguntasuna ardatz dituen ospakizunean.

    Xehetasun guztien berri izateko, ondoren jaiaren jatorriak eta bilakaera miatuko ditugu eta, horrez gain, tradizio nagusiak, bai eta sanferminak ekitaldi paregabea izatea eragiten duten beste alderdi batzuk ere.

    San Fermin jaien hastapenak eta bilakaera

    Sanferminen izena San Fermini zor zaio. Hura Nafarroako bi zaindarietako bat da eta, tradizioaren arabera, III. mendean bizi izan zen. Hura egiazki bizi izan zelako frogagiririk ez badago ere, harenganako gurtza XII. mendetik aurrera errotu zen, erlikia bat Amiensetik Iruñera 1186an iritsi izanaren ondorioz. Tradizioak dioenez, San Fermin kristau bihurtutako gazte iruindar bat izan zen eta, Frantziara joan ondoren, Amienseko apezpiku egin, eta martirioa pairatu zuen. Kontakizun hori mendez mende zabaldu izanaren ondorioz, santuarenganako gurtza sendotu eta haren omenezko ospakizuna sortu zen.

    Denboraren joanean, dantzak, musika eta segizioak erantsi zitzaizkion, jai molde zabalago baterantz bilakatuta. XVI. mendean, Udalak uztailaren 7ra aldatu zuen ospakizuna, azienda azoka irekiarekin batera egiteko, feriak merkatari eta bisitariak erakartzen baitzituen; eta gainera, lehen zezenketak erantsi zituen.

    Entzierroen jatorria, berriz, zezenak hiriaren kanpoaldetik plazaraino eramatearekin lotzen da. Urteak joan, urteak etorri, ordea, jarduera hura jai tradizio bilakatu zen.

    Mendeen joan-etorrian, sanferminek munta handiko kultur eta turismo ekitaldiaren eitea hartu dute. Hori, batez ere, XX. mendean gertatu zen, turista olde handia iristen hasi baitzen, garraioari eta komunikazio bideei esker.

    Baina entzierroaz eta jai-egitarauaz haratago, Iruñeak eta bertako jendeak eskaintzen duten abegikortasunak eraginik dira sanferminak esperientzia paregabea. Izan ere, egun horietan hirira etortzen direnek, munduko jairik ospetsuenetako batzuetan parte hartzeaz gain, harrera bero hori sentitzen dute, lehen unetik beretik hiriko kide balira bezala.

    Iruindarrek izaera irekia dute eta eskuzabalak dira, hiriko txoko bakoitzean sumatzen den bezala. Ez dio axola zure lehen aldia ote den sanferminetan edota urteak ote daramatzazun itzultzen, beti inor izanen baituzu prest tradizioak azaltzeko, zu topa egitera gonbidatzeko edota zurekin batera kale erdian hamaiketako inprobisatu bat egiteko.

    Sanferminetako tradizio nagusiak

    Sanferminak mugaz harata famatu diren ekitaldi adierazgarriz beteak daude. Orain, nafar kulturaren ikurrak dira eta, urtero, milaka lagun erakartzen dituzte.

    Txupinazoa

    Suziria edo txupinazoa jaurtitzea festen hasiera ofiziala da, urtero, uztailaren 6an, eguerdiko hamabietan. Udaletxe plazan egiten da, jaiei hasiera emateko bilduta dauden milaka lagunen aitzinean.

    Entzierroa

    Entzierroak sanferminetako tradiziorik ezagunena dira. Egunero, goizeko 8:00etan, uztailaren 7ti 14ra, ehunka lagunek zezenen ondoan laster egiten dute Iruñeko Alde Zaharreko karriketan barna. Egungo ibilbidea 1922koa da, 848,6 metro ditu luzeran eta zezen-plazan bukatzen da.

    Gaueko su artifizialak

    Gauero, 23:00etan, Ziudadelatik egiten den piroteknia-ikuskizunak Iruñeko zerua argitzen du. Duela 20 urtetik gora, su artifizialek nazioarteko lehiaketaren kategoria dute eta, gauero, familiak, bisitariak eta bertakoak biltzen dituzte hiriko hainbat tokitatik zeru gaineko argi-ikuskizun koloretsua gozatzeko.

    «Gaixoa Ni»

    Festen itxiera uztailaren 14ko gauean iristen da, “Gaixoa Ni” esaten zaion ekitaldiaren bitartez, hitz horiek biltzen dituen kantua abesten baita festei azken agurra emateko. Ekitaldian biltzen direnek kandela bana eramaten dute piztuta, zapi gorria kentzeko une sinboliko hori nabarmentze aldera.

    Horratx tradizio nabarmenenak, baina sanferminetako mugimendu oparoaren zati bat baizik ez dira.

    Sanferminak adin guztietarako

    Sanferminak ez dira entzierro eta musika kontu hutsak, baizik eta egitarau inklusibo eta askotarikoa dute, adin eta gustu guztietarako pentsatua.

    Haurrendako eta familiendako

    • Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa (goizero; uztailaren 6an, berriz, arratsaldean).
    • Haur ikuskizunak Askatasun plazan eta hiriko beste leku batzuetan.
    • Zezensuzkoa (gauero, Udaletxe plazan)
    • Feriak eta atrakzioak Runa parkearen eremuan

    Gazteendako eta helduendako

    • Doako kontzertuak Gazteluko plazan eta Foruen plazan, bai eta hiriko beste toki adierazgarri batzuetan ere.
    • Goizeko dianak, musika-bandak kalez kale emanik.
    • Kirol jarduerak, hala nola Labrit pilotalekuko pilota txapelketa.
    • Dantzak eta dantzaldiak hiriko hainbat tokitan.

    Adinekoendako

    • Topaketak eta dantza tradizionalak Gazteluko plazan.
    • Nafarroako joten ikuskizunak
    • Sanferminekin lotutako kultur ekitaldiak eta erakusketak
    • Kontzertuak Gurutzeko plazan.

    Sanferminetako janzkera bereizgarria

    Sanferminetako gauzarik ikusgarrienetako bat janzkera tradizionala da: arropa zuri-gorria, alegia. Batetik, atorra eta galtza zuriak, eta bestetik gerriko gorria (2,5 metro luzeran eta 12 cm zabaleran) eta jaietako zapi gorria.

    Janzkeraren jatorri zehatza ezezaguna bada ere, La Veleta peñarekin lotu ohi da, kolore horiek aukeratu baitzituen bere kideendako, 30eko hamarkadan.

    Zapia da, zalantzarik gabe, janzkerako atalik nabarmenena eta Txupinazoaren suziriak eztanda egiten duenean lotu behar da lepoan. Zapiak sinbolismo berezia du, San Ferminen martirioari baitagokio, lepoa moztu baitzioten. Esaten denez, santuaren lepotik isuritako odolari zor dio kolore gorria.

    Janzkera xume horrek parte-hartzaileak identifikatzeaz gain, ospakizunaren lotura historikoa eta kulturala islatzen du.

    Sanferminetako herri ohiturak eta kultur esanahia

    Sanferminen osagaiak ez dira soilik ekitaldi nagusiak, bestelakoak ere baizik, ohituraren ohituraz egiten direnak, Iruñeko eta iruindarren nortasunaren erakusgarri. Nabarmenenen artean, honakoak daude:

    • Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa. Kartoi-harrizko 25 irudik osatua, familiartean gozatzeko ekitaldi nagusia da. Erraldoiak, buruhandiak, kilikiak eta zaldiko-maldikoak karrikaz karrika ibiltzen dira bazterrak girotzen.
    • Peñak. Ekitaldien antolaketan buru-belarri parte hartzen duten hiriko elkarteak dira, jai giroa bizirik mantentzen dutenak. Peñek zezenketak girotzen dituzte zezen-plazan. Peñak jaien arima dira eta, txarangak, berriz, haien soinu-banda. Txarangak, izan ere, musika-taldeak dira, haize- eta perkusio-instrumentuz osatuak. Peña bakoitzak txaranga bat eramaten du, kalez kale ibiltzen dira peñarekin batera, eta jaiaren erritmo bizi etengabeari eusten diote. Errepertorio zabala eta askotarikoa dute, hala nola jotak, pasodobleak, sanferminetako doinu eta herri ereserkiak, eta egungo kantuen jai giroko egokitzapenak.
    • Sanferminetako gastronomia. Festetan ardatz izaten dira talde otorduak, kale erdiko hamaiketako inprobisatuak, bai eta familiarteko eta kuadrillen oturuntza handiak ere. Nafarroako gastronomia funtsezko topagunea izaten da egun horietan.
    • Bertako jendearentzat, sanferminak urtean behingo ekitaldi hutsa baino askoz gehiago dira. Haien historiaren, balioen eta bizimoduaren adierazpena da, eta jaiek jende arteko loturak sendotzen dituzte. Azken buruan, halako harrotasun kulturala transmititzen da, gure hiria bisitatzen dutenekin partekatzen dena.

    Sanferminetako beste une berezi eta nabarmengarri batzuk

    Tradiziorik ospetsuenez gain, sanferminek programazio zabala dute kulturan, artean eta herri-ekitaldietan, jai-bizipenaren osagarri:

    • Zaldun Edertuen segizioa (uztailak 6 arratsaldean): tradiziorik zaharrenetako bat da. Zaldizko batzuek San Ferminen erlikia laguntzen dute San Lorentzo elizatik Katedraleraino.
    • San Ferminen prozesioa (uztailak 7): jaietako ekitaldi nagusietako bat. Santua kalez kale ibiltzen da Alde Zaharrean barrena, Konpartsak, La Pamplonesak, agintariek, dantzariek eta ehunka lagunek lagundurik.
    • Su Artifizialen nazioarteko Lehiaketa: gauero, 23:00etan hasita, Ziudadelatik. Munduko lehiaketarik garrantzitsuenetako bat dela esaten da, eta nazioartean ospea duten piroteknia-etxeek hartzen dute parte.
    • Dantza tradizionalen ikuskizunak: hainbat talde aritzen dira hiriko plaza eta eszenatokietan, hala nola Duguna, Larratz edo Oberena; bereziki, uztailaren 6an, 7an eta 8an.
    • Nafarroako Jota Jaialdia: errondailak, bakarlariak eta jota-eskolak aritzen dira Gazteluko plazan eta Sarasate pasealekuan.
    • Nafarroako Herri Kirolen Eguna: aizkolariak, harri-jasotzaileak eta bestelako herri kirolariak aritzen dira Foruen plazan eta Sarasate pasealekuan.
    • Doako kontzertuak eta alternatiboak: Gazteluko plazaz eta Foruen plazaz gain, beste leku batzuetan ere musika emanaldiak egiten dira, hala nola Compañía plazan, proposamen tokikoagoak eta garaikideak dakartzatela.
    • Erronda musikalak: jota-kantariak eta abesbatzak kalez kale ibiltzen dira; adibidez, Jotaren Errondan (uztailaren 13an, gauez) edota goizeko auroretan.
    • Peñek antolatutako ekitaldiak: karrikadantzak, herri otorduak, kontzertuak, eta jende guztiarendako jarduerak beren egoitzetan.
    • Familiendako leku lasaiak: alkoholik gabeko eremuak eta berezko jarduerak haur, familia eta adinekoendako, hala nola lantegiak, puzgarriak, antzezlanak eta ipuin-kontalariak.

    Ekitaldi horietako bakoitzak jaien izaera abegitsua, irekia eta anitza indartzen du. Sanferminak ez baitira bizipen bakarra, ospakizun asko baizik jai beraren barnean, adin, gustu eta kultura bizitzeko modu guztietarako irekiak.

  • Hemingwayren Ibilbidea

    Hemingwayren Ibilbidea

    Ernest Hemingway XX. mendeko idazlerik eragintsuenetakoa izan zen eta lotura berezia izan zuen Iruñearekin, hau da, Fiesta. Eguzkia jaikitzen da (The Sun Also Rises) eleberria idazteko inspirazioa sortu zion hiriarekin. Ondoren, idazleak sanferminekin izandako lotura arakatuko dugu, haren figurari loturiko leku adierazgarriak aipatuta, gaur egun Hemingwayren Ibilbidea osatzen duten lekuak, alegia.

    Ernest Hemingway eta sanferminak

    Ernest Hemingway 1923ko uztailean iritsi zen Iruñera, Toronto Star Kanadako egunkari garrantzitsuko erreportari gisa, erreportajeak egiteko eduki bila, eta sanfermin jaiak topatu zituen, hau da, hasieratik beretik lilura berezia sortu zion ospakizuna.

    Urte bereko urrian, Hemingwayk Iruñeari buruzko bere lehenbiziko ikuspegia plazaratu zuen Toronto Star Weekly gehigarrian, egunkariko artxiboan bertan ikusgai dagoen artikulu baten bidez, sanferminak kontatzeko. “Inauteetako eromenez girotutako kaleak” eta gisako esaldiak erabiliz, idazleak festetako giro paregabea nabarmendu zuen. 

    Iruña lehen aldiz bisitatu eta hiru urtera, Hemingwayk Fiesta. Eguzkia jaikitzen da (The Sun Also Rises) argitaratu zuen, Estatu Batuetako eta Britainia Handiko atzerriratu talde batek sanferminetan izandako bizipenak aletzeko. Bere kazetaritza-lanak eta lehen kontakizunak zirela eta, idazlea ordurako ospetsua zen, baina liburu horrek eman zion bere belaunaldiko ahotsik adierazgarriena izateko aukera, bai eta Iruñeko jaiak nazioartean ezagutzera emateko parada ere.

    Hemingwayri loturiko lekuak Iruñean

    Idazlea bederatzi aldiz etorri zen Iruñera, azkena 1959an, eta beti maitasun handia erakutsi zion hiriari, bai eta errespetu sakona bertako kulturari ere. Honatx Hemingwayren irudia gogora ekartzen diguten leku adierazgarrietako batzuk.

    Hemingwayrekin zerikusia duten Iruñeko toki interesgarriak 

    Hona hemen idazlearengan eragina izan zuten Iruñeko zenbait leku:

    • Gazteluko plaza. Hemingwayk hirian ezagututako lehen tokia izan zen, Iruñera 1923ko uztailaren 6an iritsi zenean.
    • Andre Maria Erreginaren katedrala, eleberrian aipatua.
    • San Fermin kapera (San Lorentzo eliza). Hemingwayk katolikotzat jotzen zuen bere burua eta, inoiz, kaperan otoitz egin zuen.
    • Zezen-plaza. Funtsezko lekua da bere liburuan eta bizitzan; hemen bizi izan baitzituen zezenketarik zirraragarrienetako batzuk. Hemingwayren Monumentua, gainera, zezen-plazaren ondoan dago.

    Idazlearekin eta haren lanarekin lotura duten beste toki interesgarri batzuk San Domingoko azoka, udaletxea eta Iruñeko harresiak dira.

    Tabernak eta jatetxeak

    Hemingwayren Ibilbideko taberna eta jatetxe ospetsuenen artean, honakoak daude:

    • Iruña Kafea. Hemingwayren lekurik gogoenetako bat da. Iruña Kafea, gainera, literatura unibertsalaren historiaren parte da, Fiesta. Eguzkia jaikitzen da eleberriko protagonisten biltokia delako. Gaur egun, Kafearen ondoko gune batean, “El rincón del Iruña” (Iruña-ko txokoa) ikusiko dugu, txoko goxo eta lasaia, garai hartako argazkiz apaindua, Ernest Hemingwayren pasaeraren oroigarri. Bertan, ederki nabarmentzen da brontze patinatuzko estatua ikusgarria, José Javier Doncel eskultoreak ondua, idazlearen figura tamaina naturalean hilezkortu duena.
    • Marceliano etxea. Idazlearen “babesleku sekretuetako” bat izan zen, jende pilaketatik ihes egiteko. 1993an itxi zituen ateak.
    • Las Pocholas jatetxea. Egun desagertua bada ere, idazleak bertan afaldu zuen (bai eta beste jatetxe batzuetan ere), Iruña azken aldiz 1959an bisitatu zuenean.
    • Txoko taberna. Beste leku batzuetara bezala, idazlea maiz etortzen zen taberna honetara bizitza soziala egiteko. Esaten da Literaturako Nobel saridunak arratsaldero bisitatzen zuela, sanferminetako zezenketaren ondotik. Gaur egun, zabalik dirau.

    Hotelak eta beste ostatu batzuk

    Hemingwayk hainbat hoteletan eta beste leku batzuetan hartu zuen ostatu, Iruñera etortzen zenean.

    • Gran Hotel La Perla. Jendeak Hemingway hotel ospetsu horrekin lotu izan badu ere, esaten da idazleak egiazki gau bakarra eman zuela bertan. Egia esateko, sekulan ez zen bere ohiko ostatua izan, garai hartan ez baitzen hoteleko tarifak ordaintzeko gauza.
    • Quintana hotela. Hemingwayren eta haren lagunen ostatua izan zen. Jabeak, Juanito Quintanak, adiskidantzazko harreman estua izan zuen idazlearekin. Gaur egun, eraikina eraldatua dago eta, bertan, bulegoak eta etxebizitzak daude.
    • Antzinako Grand Hotela. Fiesta. Eguzkia jaikitzen da eleberrian aipatua, hura hotel famatua izan zen, jende ospetsuak bertan hartzen baitzuen ostatu. Hotela aspaldian desagertu zen eta, haren lekuan, San Frantziskoko Liburutegi Publikoa dago.
    • Hotel horiez gain, Eslava kaleko 5ean dagoen etxea aipatu beharra dago, bai eta San Fermin kaleko 7an dagoen eraikin-atxikia ere, idazleak bietan lo egin baitzuen.

    Hemingwayren eragina sanferminak nazioartean zabaltzeko orduan

    Sanferminak ordurako ospakizun garrantzitsuak baziren ere, Fiesta. Eguzkia jaikitzen da plazaratzearen ondorioz, jaien oihartzuna mundu osora hedatu zen, mundu zabaleko jendea erakarrita.

    Ibilbide bat Fiesta. Eguzkia jaikitzen da liburuko eszenatokietan barna

    Eleberriak sanferminei buruzko erretratua egiteaz gain, Iruñean barna ibiltzeko gonbita egiten dio huraxe irakurtzen duenari, liburuko pertsonaien bidez. Hiriko hainbat leku agertzen baitira, bilbearen atze-oihalak bailiran, hala nola Gazteluko plaza, Iruña Kafea eta zezen-plaza, haien garrantzi historikoa eta kulturala are gehiago nabarmenduta.

    Ernest Hemingwayk kulturan utzitako ondarea

    Mende bat baino gehiago joan den honetan, Ernest Hemingway oraindik ere da figura nabarmena hiriaren eta sanferminen historian. Eleberriaren eraginez eta Iruña sakon maitatzeari esker, idazleak nafar tradizioekiko interesa piztea lortu zuen nazioartean.

    Baina, kaleez, gastronomiaz edo sanferminen bizitasunaz gain, egiazki beste gauza batek eraginda maitemindu zen Ernest Hemingway Iruñeaz, hots, etxean bezala sentitzearen sentsazioak; diotenez, idazleak horixe ospatzen baitzuen. Izan ere, hiriko jendearen abegiak, festa giroak eta hiriaren jatortasunak lehen bisitatik liluratu zuten eta, hain zuzen, oraindik ere harrera-sentimendu horrexek berak liluratzen ditu Iruñera iristen diren bisitariak.

    Hemingwayren Ibilbidea haren figura goresteko omenaldia izateaz gain, mundu zabaleko bisitariei oraindik ere inspiragarri zaien kultur eta literatur aberastasunaren ospakizuna ere bada.

    Espiritu horrek berak bizirik dirau Espacio SanfermIN! Espazioa izeneko gunean, arras leku egokia baita jaien muinean murgiltzeko eta Hemingway zerk eraginda maitemindu zen ulertzeko. Izan ere, esperientzia murgilgarrien bidez, espazioak ederki transmititzen ditu hiriari darizkion grina eta emozioa, Iruña sentsazio horiei esker baita helmuga paregabea munduan; halaxe izan zen idazlearentzat eta, halaxe ere, gaur egun hiria ezagutzera etortzen direnentzat.