Categoría: Planes

  • Hemingwayren Ibilbidea

    Hemingwayren Ibilbidea

    Ernest Hemingway XX. mendeko idazlerik eragintsuenetakoa izan zen eta lotura berezia izan zuen Iruñearekin, hau da, Fiesta. Eguzkia jaikitzen da (The Sun Also Rises) eleberria idazteko inspirazioa sortu zion hiriarekin. Ondoren, idazleak sanferminekin izandako lotura arakatuko dugu, haren figurari loturiko leku adierazgarriak aipatuta, gaur egun Hemingwayren Ibilbidea osatzen duten lekuak, alegia.

    Ernest Hemingway eta sanferminak

    Ernest Hemingway 1923ko uztailean iritsi zen Iruñera, Toronto Star Kanadako egunkari garrantzitsuko erreportari gisa, erreportajeak egiteko eduki bila, eta sanfermin jaiak topatu zituen, hau da, hasieratik beretik lilura berezia sortu zion ospakizuna.

    Urte bereko urrian, Hemingwayk Iruñeari buruzko bere lehenbiziko ikuspegia plazaratu zuen Toronto Star Weekly gehigarrian, egunkariko artxiboan bertan ikusgai dagoen artikulu baten bidez, sanferminak kontatzeko. “Inauteetako eromenez girotutako kaleak” eta gisako esaldiak erabiliz, idazleak festetako giro paregabea nabarmendu zuen. 

    Iruña lehen aldiz bisitatu eta hiru urtera, Hemingwayk Fiesta. Eguzkia jaikitzen da (The Sun Also Rises) argitaratu zuen, Estatu Batuetako eta Britainia Handiko atzerriratu talde batek sanferminetan izandako bizipenak aletzeko. Bere kazetaritza-lanak eta lehen kontakizunak zirela eta, idazlea ordurako ospetsua zen, baina liburu horrek eman zion bere belaunaldiko ahotsik adierazgarriena izateko aukera, bai eta Iruñeko jaiak nazioartean ezagutzera emateko parada ere.

    Hemingwayri loturiko lekuak Iruñean

    Idazlea bederatzi aldiz etorri zen Iruñera, azkena 1959an, eta beti maitasun handia erakutsi zion hiriari, bai eta errespetu sakona bertako kulturari ere. Honatx Hemingwayren irudia gogora ekartzen diguten leku adierazgarrietako batzuk.

    Hemingwayrekin zerikusia duten Iruñeko toki interesgarriak 

    Hona hemen idazlearengan eragina izan zuten Iruñeko zenbait leku:

    • Gazteluko plaza. Hemingwayk hirian ezagututako lehen tokia izan zen, Iruñera 1923ko uztailaren 6an iritsi zenean.
    • Andre Maria Erreginaren katedrala, eleberrian aipatua.
    • San Fermin kapera (San Lorentzo eliza). Hemingwayk katolikotzat jotzen zuen bere burua eta, inoiz, kaperan otoitz egin zuen.
    • Zezen-plaza. Funtsezko lekua da bere liburuan eta bizitzan; hemen bizi izan baitzituen zezenketarik zirraragarrienetako batzuk. Hemingwayren Monumentua, gainera, zezen-plazaren ondoan dago.

    Idazlearekin eta haren lanarekin lotura duten beste toki interesgarri batzuk San Domingoko azoka, udaletxea eta Iruñeko harresiak dira.

    Tabernak eta jatetxeak

    Hemingwayren Ibilbideko taberna eta jatetxe ospetsuenen artean, honakoak daude:

    • Iruña Kafea. Hemingwayren lekurik gogoenetako bat da. Iruña Kafea, gainera, literatura unibertsalaren historiaren parte da, Fiesta. Eguzkia jaikitzen da eleberriko protagonisten biltokia delako. Gaur egun, Kafearen ondoko gune batean, “El rincón del Iruña” (Iruña-ko txokoa) ikusiko dugu, txoko goxo eta lasaia, garai hartako argazkiz apaindua, Ernest Hemingwayren pasaeraren oroigarri. Bertan, ederki nabarmentzen da brontze patinatuzko estatua ikusgarria, José Javier Doncel eskultoreak ondua, idazlearen figura tamaina naturalean hilezkortu duena.
    • Marceliano etxea. Idazlearen “babesleku sekretuetako” bat izan zen, jende pilaketatik ihes egiteko. 1993an itxi zituen ateak.
    • Las Pocholas jatetxea. Egun desagertua bada ere, idazleak bertan afaldu zuen (bai eta beste jatetxe batzuetan ere), Iruña azken aldiz 1959an bisitatu zuenean.
    • Txoko taberna. Beste leku batzuetara bezala, idazlea maiz etortzen zen taberna honetara bizitza soziala egiteko. Esaten da Literaturako Nobel saridunak arratsaldero bisitatzen zuela, sanferminetako zezenketaren ondotik. Gaur egun, zabalik dirau.

    Hotelak eta beste ostatu batzuk

    Hemingwayk hainbat hoteletan eta beste leku batzuetan hartu zuen ostatu, Iruñera etortzen zenean.

    • Gran Hotel La Perla. Jendeak Hemingway hotel ospetsu horrekin lotu izan badu ere, esaten da idazleak egiazki gau bakarra eman zuela bertan. Egia esateko, sekulan ez zen bere ohiko ostatua izan, garai hartan ez baitzen hoteleko tarifak ordaintzeko gauza.
    • Quintana hotela. Hemingwayren eta haren lagunen ostatua izan zen. Jabeak, Juanito Quintanak, adiskidantzazko harreman estua izan zuen idazlearekin. Gaur egun, eraikina eraldatua dago eta, bertan, bulegoak eta etxebizitzak daude.
    • Antzinako Grand Hotela. Fiesta. Eguzkia jaikitzen da eleberrian aipatua, hura hotel famatua izan zen, jende ospetsuak bertan hartzen baitzuen ostatu. Hotela aspaldian desagertu zen eta, haren lekuan, San Frantziskoko Liburutegi Publikoa dago.
    • Hotel horiez gain, Eslava kaleko 5ean dagoen etxea aipatu beharra dago, bai eta San Fermin kaleko 7an dagoen eraikin-atxikia ere, idazleak bietan lo egin baitzuen.

    Hemingwayren eragina sanferminak nazioartean zabaltzeko orduan

    Sanferminak ordurako ospakizun garrantzitsuak baziren ere, Fiesta. Eguzkia jaikitzen da plazaratzearen ondorioz, jaien oihartzuna mundu osora hedatu zen, mundu zabaleko jendea erakarrita.

    Ibilbide bat Fiesta. Eguzkia jaikitzen da liburuko eszenatokietan barna

    Eleberriak sanferminei buruzko erretratua egiteaz gain, Iruñean barna ibiltzeko gonbita egiten dio huraxe irakurtzen duenari, liburuko pertsonaien bidez. Hiriko hainbat leku agertzen baitira, bilbearen atze-oihalak bailiran, hala nola Gazteluko plaza, Iruña Kafea eta zezen-plaza, haien garrantzi historikoa eta kulturala are gehiago nabarmenduta.

    Ernest Hemingwayk kulturan utzitako ondarea

    Mende bat baino gehiago joan den honetan, Ernest Hemingway oraindik ere da figura nabarmena hiriaren eta sanferminen historian. Eleberriaren eraginez eta Iruña sakon maitatzeari esker, idazleak nafar tradizioekiko interesa piztea lortu zuen nazioartean.

    Baina, kaleez, gastronomiaz edo sanferminen bizitasunaz gain, egiazki beste gauza batek eraginda maitemindu zen Ernest Hemingway Iruñeaz, hots, etxean bezala sentitzearen sentsazioak; diotenez, idazleak horixe ospatzen baitzuen. Izan ere, hiriko jendearen abegiak, festa giroak eta hiriaren jatortasunak lehen bisitatik liluratu zuten eta, hain zuzen, oraindik ere harrera-sentimendu horrexek berak liluratzen ditu Iruñera iristen diren bisitariak.

    Hemingwayren Ibilbidea haren figura goresteko omenaldia izateaz gain, mundu zabaleko bisitariei oraindik ere inspiragarri zaien kultur eta literatur aberastasunaren ospakizuna ere bada.

    Espiritu horrek berak bizirik dirau Espacio SanfermIN! Espazioa izeneko gunean, arras leku egokia baita jaien muinean murgiltzeko eta Hemingway zerk eraginda maitemindu zen ulertzeko. Izan ere, esperientzia murgilgarrien bidez, espazioak ederki transmititzen ditu hiriari darizkion grina eta emozioa, Iruña sentsazio horiei esker baita helmuga paregabea munduan; halaxe izan zen idazlearentzat eta, halaxe ere, gaur egun hiria ezagutzera etortzen direnentzat.

  • Iruñeko Katedralera bisita: historia eta arkitekturaren ederra

    Iruñeko Katedralera bisita: historia eta arkitekturaren ederra

    Andre Maria Erreginaren Katedralari Iruñeko Katedrala esaten zaio eta Nafarroako eraikinik adierazgarrienetako bat da. Handitasun ikusgarria izateaz gain, historiak utzitako aberastasuna dario alde guztietatik; horrenbestez, ikusi beharreko eraikina da iragana ulertzeko eta arkitektura sakratuaz gozatzeko.

    Hobekien kontserbatutako katedral multzoetako bat da Espainian eta garrantzi handikoa Europan. Arkitektura gotiko ikusgarria eta fatxada neoklasikoa dira nabarmentzekoak eta, horrez gain, gela historikoen kontserbazioa, hala nola Erdi Aroko sukaldea, errefektorioa, liburutegia eta kapitulu-gela. Gaur egun, toki horiek guztiak kultur ekitaldiak eta erakusketak egiteko erabiltzen dira. Klaustro gotikoa Europako onenetakotzat jotzen da eta, gainera, Katedraleko altxorrik nabarmenetako bat da arkitekturari begira. 

    Iruñeko Katedralaren historia laburra

    XI mendean, tropa musulmanek basilika kristau zaharra suntsitzearen ondorioz, Antso III.a Nagusiak tenplu berria eraikitzeko agindua eman zuen. Hori izan zen denborarekin egungo Iruñeko Katedrala sorrarazi zuen gune sakratuaren jatorria.

    Gero, XII. mendean, katedral erromanikoa eta klaustroa eraikitzeari ekin zitzaion; obrak sakon baino sakonago markatu zuen hiriaren paisaia monumentala. Gertakari dramatiko batek, dena den, hasierako bultzada hura eten zuen: 1276an, izan ere, Nabarreriako gerran, katedrala arpilatua eta profanatua izan zen. Ondotik, tenplua berreraikitzeari heldu zitzaion.

    Gero, XVIII. mendean, eraikinaren kanpoaldeko irudia berritu nahirik, kabildoak erabaki esanguratsua hartu zuen. Izan ere, 1782an, dohaintzek eraginik eta katedralari multzoarekin bat zetorren fatxada handientsuagoa eraikitzeko asmoz, fatxada erromaniko zaharra eraistea eta estilo neoklasikoko berri bat eraikitzea erabaki zen. Ventura Rodríguez arkitekto ospetsuari eman zitzaion huraxe diseinatzeko enkargua, eta Otxandategik egindako planoetan oinarrituta jardun zuen.

    Fatxada eraistearen ondorioz, hainbat elementu funtzional berrantolatu behar izan ziren, hala nola kanpandorrea, erlojua eta kanpai-jolearen etxea. Erlojua jartzeaz gain, beste erabaki bat ere hartu zen, hots, kanpai-jolearen familia Manuel Larrondo igeltseroak eta Martin Jose Armendaritzek erabiltzen zuten etxean finkatzea.

    1798ko udaberrian, Larrondok elizako teilatuetan eta kanpai-jolearen etxe berrian lan egin zuen. Etxea, zehazki, dorreetako batean zegoen kokatua, priore-etxearen ondoan. Azkenean, 1801ean, Otxandategik fatxadako eta dorretako lanak bukatutzat jo zituen.

    Andre Maria Erreginaren Katedraleko arkitektura-elementu nabarmenak

    Estilo eta xehetasun artistikoetan konbinazio paregabea duela, Andre Maria Erreginaren Katedralaren arkitektura-elementuak mendeetako historiaren eta kultur bilakaeraren lekuko dira.

    Fatxada neoklasikoa

    Gaur egungo fatxada nagusia Ventura Rodríguezek diseinatu zuen XVIII. mendean, hau da, garai hartako arkitekto espainiarrik ospetsuenetakoa izan zenak. Katedrala funtsean gotikoa bada ere, fatxada estilo neoklasikoari jarraikiz egina da. Eta barnealdea gotikoa denez, kontrasteak eraginik, eraikina paregabea da benetan.

    Klaustro gotikoa

    Iruñeko Katedraleko klaustroa Europako arte gotikoaren adibiderik onenetako bat dela jotzen da. Halaber, hobekien kontserbatutako klaustroetako bat da. XIII. eta XIV. mendeen artean eraikia, arku zorrotz dotoreak eta lore motiboekin eta Bibliako irudiekin apaindutako kapitelak ditu, bai eta edertasuna nabarmentzen dion argi naturala ere. Ateak dira nabarmentzekoak (Babesaren Atea, Artxidiakotzaren Atea, Errefektorioko Atea eta Ate Ederra) eta hainbat hilobi ditu.

    Kaperak

    Katedralaren barnean, hainbat kapera nabarmentzen dira; aproposak, garai bakoitzeko debozioan eta arte erlijiosoan ibilbidea egiteko. Kapera bakoitza erretaulekin, margolanekin eta eskulturekin dago apaindua, arte sakratuaren bilakaeraren erakusgarri.

    Haien artean, adibidez, Barbazana kapera dago; hasieran, kapitulu-gela izandakoa. Kapera horretan, Arnaldo Barbazanekoa apezpikuaren hilobia dago, eta Kontsolamenduaren Ama Birjinaren tailla, XIV. mendekoa.

    Dorreak eta ezkilak

    Hala iparraldeko nola hegoaldeko dorreek itxura karratua dute lehen eta bigarren gorputzean, eta zortzi aldekoa, hirugarrenean eta azkenean. Bietan ere hainbat ezkila daude; guztien artean, Maria kanpaia nabarmentzen da, ipar dorrean kokatua. Bigarrena da Espainiako kanpairik handienetan, eta handiena, erabiltzen direnen artean. Ospakizunik solemneenetan erabiltzen da, bai eta hil-ezkila jotzeko ere. Kanpairik handiena, ospetsuena eta ozenena da katedraleko guztien artean. Haren soinua 14 km-ko inguruan entzuten baita.

    Karlos III.a Noblearen mausoleoa

    Iruñeko Katedraleko altxorrik nabarmenetako bat Karlos III.a Noblearen eta haren emazte Leonor Trastamarakoaren hilobia da. Eskultura-lana da, Jehan Lome de Tournaik harzuriz eta marmol beltzez egina. XV. mendeko hileta-artearen adibide gorena da. Etzanik dauden irudien xehetasunek (lehoiz eta aingeruz inguratuak) Erdi Aroko artisten trebetasuna darakutsate.

    Errege-Erreginen Mausoleoaz gain, arte sakratuari buruzko bilduma zabala dago, barne direla ekisainduak, kalizak eta beste liturgia-pieza batzuk, guztiak ere katedralaren ondareari dagozkionak.

    Katedralaren museoa eta Occidens erakusketa

    Gauza erakargarrienetako bat Katedraleko Museoa da, bai eta katedralaren barnealdean kokaturiko Occidens erakusketa ere. Museoaren bidez, Espainiako katedral multzorik handiena ezagutzeko parada izanen dugu eta, horren baitan, leku bereziak, hala nola sukaldea. Bestalde, Occidens erakusketa dago ikusgai, Mendebaldeko zibilizazioaren historiaren erakusgarri.

    Erakusketa Philippe Nemo frantses filosofoaren Qu’est-ce que l’Occident? (Zer da Mendebaldea?) liburuaren oinarrien gainean sortua dago. Museoan ederki uztarturik daude teknologia modernoa eta elementu historikoak, eta benetako hezkuntza-esperientzia eskaintzen du adin guztietarako.

    Ekitaldiak eta kultur jarduerak katedralean

    Iruñeko Katedrala gurtza lekua izateaz gain, hainbat kultur ekitaldi barne hartzen dituen gune bizia ere bada. Katedralak bere museoa izateaz gainera, urte osoan biltzarrak, erakusketak eta kontzertuak egiten dira, katedralak historiari eta arkitekturari begira duen aberastasunaren balioa agerian uzteko.

    Ezagutu Iruñeko Katedrala 360 graduko bisita eginez

    Katedralak bisita birtuala eskaintzen du Iruña zuzenean bisitatzerik ez dutenendako. Izan ere, Iruñeko Katedralaren 360 graduko bisitak tenpluko txoko bakoitza arakatzeko aukera ematen du munduko edozein tokitatik. Klaustrotik aldare nagusira, esperientzia birtualak ikuspegi paregabea ematen du haren bikaintasunaz.

    Zuzenean ezagutu nahi dutenendako, Iruñeko katedrala egunero dago zabalik jendearendako, eta ordutegiak egokituak daude turisten bisitetarako eta jarduera erlijiosoetarako. Gainera, bisita gidatuak ere eskaintzen dira, adituen ahotik xehetasun guztiak ezagutzeko.

    Horrez gain, “muy viva – bizi-bizirik” kultur ekimenaren barnean, apiril, maiatz eta ekaineko lehen asteburuan, eta abuztu, irail eta urriko bigarrenean, historia, kirola eta ondarea era paregabean lotzen dituen proposamen bat egiten da. Hasteko, ostiraletan, “Ibilbidea euskal pilotaren historian barna” izeneko bisita egiten da. Ibilbideak hiriari hain lotua dagoen kirol horren jatorriak ekartzen ditu gogora, elizjendea ere pilotan aritzen baitzen katedralaren klaustrogainan eta Labrit bezalako leku adierazgarrietan.

    Larunbatetan Katedrala gauez ikusteko bisita eskaintzen da, bi ordu Europako katedral barrutirik handienaz gozatzeko. Katedralera bestela hurbiltzeko aukera da, leku historiko hori tenplu hutsa ez dela erakusteko, baizik eta bizitzaz eta kulturaz betetako gunea Iruñeko bihotzean.