Categoría: Cultura

  • Iruñeko Ziudadelan barna paseoan: ondarea eta kultura

    Iruñeko Ziudadelan barna paseoan: ondarea eta kultura

    Iruñeko Ziudadela bisitatzeko asmoa baduzu, aukeraketa bikaina egin duzu. Hiriko lekurik interesgarrienetako bat baita eta, ziurrenera, harrituko zaitu. 

    Multzo gotortu horrek oso era berezian uztartuak ditu historia, arkitektura eta natura. Hortaz, xehetasunik batere ez galtzeko, Iruñeko Ziudadelan barna zabiltzala ikusi beharreko tokiak aletuko dizkizugu. 

    Begirada bat Iruñeko Harresiei eta Ziudadelari

    Iruñera egun bakar baterako bazatoz ere, Ziudadela ikusi beharko duzu nahitaez. Baina gure ibilbidea hasi baino lehen, interesgarria da haren historia pixka bat jakitea.

    Iruña Iberiar penintsularen iparraldean kokatua dago eta garrantzi estrategikoa izan du mendez mende. Adibidez, Nafarroako Erresumako hiriburua izan zenean, funtsezko defentsa-gunea izan zen eta, Gaztelak 1512an konkistatu eta gero, harresiak sendotu zituzten, hiria balizko erasoetatik -bereziki, Frantziakoetatik- babesteko. Gaur egun, Iruñeko harresi-barrutiaren zati handi bat kontserbatua dago, eta Espainian hobekien zaindua dagoen harresi-multzoetako bat dela jotzen da. 

    XVI. mendearen hasieran, armada frantziar-nafar batek hiriari egindako erasoa ikusirik, agerian gelditu zen haren defentsak sendotu beharra. Orduantxe hasi zen eraikitzen Done Jakue gotorlekua, hau da, Iruña defenditzeko gaztelu artilleroa. 

    Handik urte batzuetara, eraso frantses batek defentsak nabarmen kaltetu eta, Luis Pizarro ingeniariak -Espainiako gotorlekuen figura garrantzitsuak- hiria bisitatu izanaren ondorioz, hainbat hobekuntza egin ziren. Dena dela, Juan Bautista Antonelli ingeniariaren iritziz, hobekuntzak ez ziren aski izan eta, txosten batean, Iruñeak defentsarako zituen aukerak zalantzan jarri zituen.

    Hori dela eta, Filipe II.ak gaztelu errenazentista berria enkargatu zuen: Ziudadela. Gaztelu berriaren trazak 1571n egon ziren prest, El Fratin esaten zitzaion Giacomo Palearo italiar ingeniariaren eskutik. 

    Gaur egun, jotzen da Ziudadela Europako Errenazimentuko arkitektura militarraren adibiderik onenetako bat dela eta, 1985az geroztik, Kultur Intereseko Ondasuna da. 

    Ziudadela: arkitektura eta ingurunea

    Ziudadelaren diseinu geometriko eta monumentala da nabarmentzekoa eta, bertako txokorik garrantzitsuenetan ibiltzea historiaren eta aro garaikidearen arteko kontrastea zeharkatzea da. 

    Lehenik eta behin, Ziudadela inguruko lubanarroak dira deigarriak. Hasieran, funtsezko defentsa elementua izan ziren. Orain, ordea, lekurik onenak dira paseo lasaian ibiltzeko eta harresiak miresteko. 

    Gotorlekuan sartzeko ateetatik, Laguntza Atea da jendetsuena. Gaztelugibeletik iritsiko gara ate horretara, lubanarroen gaineko zubi bat gurutzatuz. Bere garaian, sarbide hori funtsezkoa izan zen bai Ziudadela hornitzeko, bai tropak ateratzeko. 

    Ziudadelak, hasieran, bost bastioi izan zituen. Hiriko Lehen Zabalgunea eraikitzearen ondorioz, ordea, haietariko bi eraitsi ziren.

    Ziudadelan barna zabiltzala, gelditu zutik dirauten bastioietan, inguruko paisaiaz gozatzeko eta, jakina, oroitzapenerako argazkiak egiteko. 

    Ziudadelan barna aurrera eginik, garrantzitsua da eraikin bakoitzari astia eskaintzea. 

    Zure ibilbidean aurkituko duzun egiturarik interesgarrienetako bat Bolborategia da. Hasieran, eraikuntza horretan, bolbora eta munizioak gordetzen ziren. Gaur egun, txukun baino txukunago zaharberritua dago eta, bertan, aldi baterako erakusketak jartzen dira ikusgai, Iruñeko kulturari eta historiari begirada paregabea eskainita.

    Ziudadela barnean, beste leku interesgarri batzuk ere bisitatu beharko dituzu: batetik, Arma Aretoa, hau da, hasieran armamentua gordetzeko eta konpontzeko erabili zen eraikin dotorea eta, bestetik, Mistoen Eraikina, bi solairuko eraikin historikoa, alegia. Gaur egun, bi tokiak erakusketa eta ekitaldietarako ere erabiltzen dira, bien eite historikoari eutsita, baina gaur egungo beharretara egokituak. 

    Baina, Ziudadelaren bihotza, zalantzarik gabe, Arma Patioa da. Gune zabal irekia da, lehenago bizitza militarraren erdigunea izandakoa, maniobrak eta desfileak egiteko erabilia. Gaur egun, Arma Patioa topagune eta aisia leku bihurtu da eta, maiz, kultur ekitaldiak, kontzertuak eta azokak egiten dira. 

    Lorategiak eta berdeguneak: kultur eta aisia jarduerak parkean

    Ziudadelak eta Gaztelugibeleko parkeak hauspo berde bat osatzen dute Iruñeko bihotzean. Izan ere, ez da leku historiko hutsa, naturgunea ere baizik hiriaren erdigunean. 

    Bereziki, hilabete beroenetan, lorategiak bizi-taupadaz betetzen dira; izan ere, badago ariketa egiten duen jenderik, eta familiek, berriz, piknikak egiten dituzte pago, izei, lizar, pinu eta bestelako zuhaitzen itzalpean.

    Gainera, gotorlekua XX. mendean Udalaren eskuetara pasatu zenetik, inguru hori guztia gune handi eta zabala da aisiarako eta kulturarako, atari zabaleko erakusketak, kontzertuak eta kirol ekitaldiak egiten baitira. 

    Beraz, honetarako eta hartarako erabiltzen denez, guztiz gune beharrezkoa da Iruñean hiriaren bizitzarako.

    Ziudadela, arte garaikidearen ikurra: kulturaren eta ondarearen topagunea Iruñean

    Iruñeko Ziudadelaren alderdirik nabarmenetako bat kulturarako duen joera da. Gaur egun, arte garaikidearen erreferentea da, bertako lau eraikin nagusietan erakusketak eta ekitaldiak egiten baitira: Bolborategian, Arma Aretoan, Mistoen Eraikinean eta Labean, hain zuzen ere.

    Ziudadelan, izan ere, aldi baterako erakusketak egiten dira (argazkia, margolanak, eskultura eta ikus-entzunezkoak) eta, horrez gain, kultur ekitaldiak eta jaialdiak ere bai, hala nola Harresietako Jaialdia, hots, urtero Iruñeko harresiak uda partean dantza, zirku eta musika ikuskizunez betetzen dituen ekimena.

    Iruñeko ondareaz eta kulturaz gozatu nahi duen orok eskura du Ziudadela, zabalik dagoen orduetan dohainik bisitatzeko. 

    Bisita garaiz planifikatu nahi dutenek, berriz, kultur ekitaldien egutegia dute eskura. Izan ere, informazio zehatza eskaintzen du hiriko hain txoko ospetsu hori bizitzaz betetzen duten erakusketa, kontzertu eta jaialdiei buruz.

  • Iruñeko Katedralera bisita: historia eta arkitekturaren ederra

    Iruñeko Katedralera bisita: historia eta arkitekturaren ederra

    Andre Maria Erreginaren Katedralari Iruñeko Katedrala esaten zaio eta Nafarroako eraikinik adierazgarrienetako bat da. Handitasun ikusgarria izateaz gain, historiak utzitako aberastasuna dario alde guztietatik; horrenbestez, ikusi beharreko eraikina da iragana ulertzeko eta arkitektura sakratuaz gozatzeko.

    Hobekien kontserbatutako katedral multzoetako bat da Espainian eta garrantzi handikoa Europan. Arkitektura gotiko ikusgarria eta fatxada neoklasikoa dira nabarmentzekoak eta, horrez gain, gela historikoen kontserbazioa, hala nola Erdi Aroko sukaldea, errefektorioa, liburutegia eta kapitulu-gela. Gaur egun, toki horiek guztiak kultur ekitaldiak eta erakusketak egiteko erabiltzen dira. Klaustro gotikoa Europako onenetakotzat jotzen da eta, gainera, Katedraleko altxorrik nabarmenetako bat da arkitekturari begira. 

    Iruñeko Katedralaren historia laburra

    XI mendean, tropa musulmanek basilika kristau zaharra suntsitzearen ondorioz, Antso III.a Nagusiak tenplu berria eraikitzeko agindua eman zuen. Hori izan zen denborarekin egungo Iruñeko Katedrala sorrarazi zuen gune sakratuaren jatorria.

    Gero, XII. mendean, katedral erromanikoa eta klaustroa eraikitzeari ekin zitzaion; obrak sakon baino sakonago markatu zuen hiriaren paisaia monumentala. Gertakari dramatiko batek, dena den, hasierako bultzada hura eten zuen: 1276an, izan ere, Nabarreriako gerran, katedrala arpilatua eta profanatua izan zen. Ondotik, tenplua berreraikitzeari heldu zitzaion.

    Gero, XVIII. mendean, eraikinaren kanpoaldeko irudia berritu nahirik, kabildoak erabaki esanguratsua hartu zuen. Izan ere, 1782an, dohaintzek eraginik eta katedralari multzoarekin bat zetorren fatxada handientsuagoa eraikitzeko asmoz, fatxada erromaniko zaharra eraistea eta estilo neoklasikoko berri bat eraikitzea erabaki zen. Ventura Rodríguez arkitekto ospetsuari eman zitzaion huraxe diseinatzeko enkargua, eta Otxandategik egindako planoetan oinarrituta jardun zuen.

    Fatxada eraistearen ondorioz, hainbat elementu funtzional berrantolatu behar izan ziren, hala nola kanpandorrea, erlojua eta kanpai-jolearen etxea. Erlojua jartzeaz gain, beste erabaki bat ere hartu zen, hots, kanpai-jolearen familia Manuel Larrondo igeltseroak eta Martin Jose Armendaritzek erabiltzen zuten etxean finkatzea.

    1798ko udaberrian, Larrondok elizako teilatuetan eta kanpai-jolearen etxe berrian lan egin zuen. Etxea, zehazki, dorreetako batean zegoen kokatua, priore-etxearen ondoan. Azkenean, 1801ean, Otxandategik fatxadako eta dorretako lanak bukatutzat jo zituen.

    Andre Maria Erreginaren Katedraleko arkitektura-elementu nabarmenak

    Estilo eta xehetasun artistikoetan konbinazio paregabea duela, Andre Maria Erreginaren Katedralaren arkitektura-elementuak mendeetako historiaren eta kultur bilakaeraren lekuko dira.

    Fatxada neoklasikoa

    Gaur egungo fatxada nagusia Ventura Rodríguezek diseinatu zuen XVIII. mendean, hau da, garai hartako arkitekto espainiarrik ospetsuenetakoa izan zenak. Katedrala funtsean gotikoa bada ere, fatxada estilo neoklasikoari jarraikiz egina da. Eta barnealdea gotikoa denez, kontrasteak eraginik, eraikina paregabea da benetan.

    Klaustro gotikoa

    Iruñeko Katedraleko klaustroa Europako arte gotikoaren adibiderik onenetako bat dela jotzen da. Halaber, hobekien kontserbatutako klaustroetako bat da. XIII. eta XIV. mendeen artean eraikia, arku zorrotz dotoreak eta lore motiboekin eta Bibliako irudiekin apaindutako kapitelak ditu, bai eta edertasuna nabarmentzen dion argi naturala ere. Ateak dira nabarmentzekoak (Babesaren Atea, Artxidiakotzaren Atea, Errefektorioko Atea eta Ate Ederra) eta hainbat hilobi ditu.

    Kaperak

    Katedralaren barnean, hainbat kapera nabarmentzen dira; aproposak, garai bakoitzeko debozioan eta arte erlijiosoan ibilbidea egiteko. Kapera bakoitza erretaulekin, margolanekin eta eskulturekin dago apaindua, arte sakratuaren bilakaeraren erakusgarri.

    Haien artean, adibidez, Barbazana kapera dago; hasieran, kapitulu-gela izandakoa. Kapera horretan, Arnaldo Barbazanekoa apezpikuaren hilobia dago, eta Kontsolamenduaren Ama Birjinaren tailla, XIV. mendekoa.

    Dorreak eta ezkilak

    Hala iparraldeko nola hegoaldeko dorreek itxura karratua dute lehen eta bigarren gorputzean, eta zortzi aldekoa, hirugarrenean eta azkenean. Bietan ere hainbat ezkila daude; guztien artean, Maria kanpaia nabarmentzen da, ipar dorrean kokatua. Bigarrena da Espainiako kanpairik handienetan, eta handiena, erabiltzen direnen artean. Ospakizunik solemneenetan erabiltzen da, bai eta hil-ezkila jotzeko ere. Kanpairik handiena, ospetsuena eta ozenena da katedraleko guztien artean. Haren soinua 14 km-ko inguruan entzuten baita.

    Karlos III.a Noblearen mausoleoa

    Iruñeko Katedraleko altxorrik nabarmenetako bat Karlos III.a Noblearen eta haren emazte Leonor Trastamarakoaren hilobia da. Eskultura-lana da, Jehan Lome de Tournaik harzuriz eta marmol beltzez egina. XV. mendeko hileta-artearen adibide gorena da. Etzanik dauden irudien xehetasunek (lehoiz eta aingeruz inguratuak) Erdi Aroko artisten trebetasuna darakutsate.

    Errege-Erreginen Mausoleoaz gain, arte sakratuari buruzko bilduma zabala dago, barne direla ekisainduak, kalizak eta beste liturgia-pieza batzuk, guztiak ere katedralaren ondareari dagozkionak.

    Katedralaren museoa eta Occidens erakusketa

    Gauza erakargarrienetako bat Katedraleko Museoa da, bai eta katedralaren barnealdean kokaturiko Occidens erakusketa ere. Museoaren bidez, Espainiako katedral multzorik handiena ezagutzeko parada izanen dugu eta, horren baitan, leku bereziak, hala nola sukaldea. Bestalde, Occidens erakusketa dago ikusgai, Mendebaldeko zibilizazioaren historiaren erakusgarri.

    Erakusketa Philippe Nemo frantses filosofoaren Qu’est-ce que l’Occident? (Zer da Mendebaldea?) liburuaren oinarrien gainean sortua dago. Museoan ederki uztarturik daude teknologia modernoa eta elementu historikoak, eta benetako hezkuntza-esperientzia eskaintzen du adin guztietarako.

    Ekitaldiak eta kultur jarduerak katedralean

    Iruñeko Katedrala gurtza lekua izateaz gain, hainbat kultur ekitaldi barne hartzen dituen gune bizia ere bada. Katedralak bere museoa izateaz gainera, urte osoan biltzarrak, erakusketak eta kontzertuak egiten dira, katedralak historiari eta arkitekturari begira duen aberastasunaren balioa agerian uzteko.

    Ezagutu Iruñeko Katedrala 360 graduko bisita eginez

    Katedralak bisita birtuala eskaintzen du Iruña zuzenean bisitatzerik ez dutenendako. Izan ere, Iruñeko Katedralaren 360 graduko bisitak tenpluko txoko bakoitza arakatzeko aukera ematen du munduko edozein tokitatik. Klaustrotik aldare nagusira, esperientzia birtualak ikuspegi paregabea ematen du haren bikaintasunaz.

    Zuzenean ezagutu nahi dutenendako, Iruñeko katedrala egunero dago zabalik jendearendako, eta ordutegiak egokituak daude turisten bisitetarako eta jarduera erlijiosoetarako. Gainera, bisita gidatuak ere eskaintzen dira, adituen ahotik xehetasun guztiak ezagutzeko.

    Horrez gain, “muy viva – bizi-bizirik” kultur ekimenaren barnean, apiril, maiatz eta ekaineko lehen asteburuan, eta abuztu, irail eta urriko bigarrenean, historia, kirola eta ondarea era paregabean lotzen dituen proposamen bat egiten da. Hasteko, ostiraletan, “Ibilbidea euskal pilotaren historian barna” izeneko bisita egiten da. Ibilbideak hiriari hain lotua dagoen kirol horren jatorriak ekartzen ditu gogora, elizjendea ere pilotan aritzen baitzen katedralaren klaustrogainan eta Labrit bezalako leku adierazgarrietan.

    Larunbatetan Katedrala gauez ikusteko bisita eskaintzen da, bi ordu Europako katedral barrutirik handienaz gozatzeko. Katedralera bestela hurbiltzeko aukera da, leku historiko hori tenplu hutsa ez dela erakusteko, baizik eta bizitzaz eta kulturaz betetako gunea Iruñeko bihotzean.

  • Harresietako Jaialdia eta Batasunaren Pribilegioa: Iruñeko udaldi kulturala

    Harresietako Jaialdia eta Batasunaren Pribilegioa: Iruñeko udaldi kulturala

    Iruñeak, sanfermin ospetsuez gain, kultur jardueraz betetako uda eskaintzen du bere historia eta ondarea ospatzeko. Udaldian bi ekitaldi nabarmentzen dira: batetik, Harresietako Jaialdia eta, bestetik, Batasunaren Pribilegioaren ospakizuna. Bi ekimen horien eraginez, hiria artearen, musikaren eta ohituren erdigunea da eta, horren ondorioz, bertakoek eta bisitariek esperientzia paregabeak bizi dituzte eszenatoki historikoetan.

    Zer da Harresietako Jaialdia?

    Harresietako Jaialdia Iruñean udaldian egiten den kultur ospakizun bat da, eszenatoki nagusia hiriko harresi-multzo bereizgarrian kokatua baitago. Jaialdiaren bidez, harresiek mendez mende eta arkitekturari begira duten garrantzia nabarmentzen da, egitarau zabala eskainiz musikan, dantzan eta beste arte adierazpen batzuetan. Ikuskizun gehienak doakoak dira, baina artista handien kontzertuak ere egiten dira eta, horietarako, sarrera erosi behar da.

    Jatorria eta bilakaera

    Jaialdia duela urte batzuk sortu zen Iruñeko harresiak biziberritzeko eta haien balioa nabarmentzeko. Harresiak Monumentu Nazionala dira eta esaten da Europan hobekien kontserbatua dagoen multzo gotortuetako bat dela. Hasieratik hona, Jaialdia hazten joan da tamainan eta aniztasunean, genero eta jatorri honetako eta hartako ikuskizunak ekarri baitira, ondare historikoa eta kultura garaikidea uztartzeko helburua gogoan harturik beti.

    Musika eta dantza ikuskizunak

    Jaialdiaren egitarauan denetarik dago, hots, musika klasikoko kontzertuak, musika modernoko taldeen emanaldiak nahiz dantza tradizionaleko eta garaikideko ikuskizunak. Emanaldiak aire zabalean egin ohi dira, harresi ikusgarrien handitasunaz eta hiriko beste leku historiko batzuen edertasunaz baliatuta; horrek halako xarma berezia eransten dio ekitaldiari.

    Batasunaren Pribilegioa: Historia eta ospakizuna Iruñean

    Batasunaren Pribilegioa funtsezko agiri historikoa da Iruñerako. Hura errege Karlos III.a Nobleak sinatu zuen 1423ko irailaren 8an. Pribilegioak hiriko Erdi Aroko hiru burguak batu zituen: Nabarreria, San Zernin eta San Nikolas. Ordura arte, hiru erakunde ezberdin balira bezala jardun zuten eta, zenbaitetan, elkarren aurka. Batasunak bakea eta gizarte kohesioa bultzatu zituen, Iruña modernoaren oinarriak ezarrita.

    Urteko ospakizuna

    Urtero, irailaren 8an, Iruñeak hainbat jarduera antolatzen ditu Batasunaren Pribilegioa ospatzeko, mugarri historiko hura nabarmentze aldera. Zehazki, segizioak, Erdi Aroko merkatuak, kontzertuak eta ekitaldi instituzionalak egiten dira, duela sei mendetik baino gehiagotik hona hiriak ezaugarri duen batasun eta bizikidetza espirituaren erakusgarri.

    Ekitaldi nabarmenak: Antzezpenak, kontzertuak eta haurrendako jarduerak

    Harresietako Jaialdiak eta Batasunaren Pribilegioaren ospakizunak, bi-biek, jarduera sorta zabala eskaintzen dute, adin guztietako jendearentzat pentsatuak.

    Antzezpenak

    Uda partean, Iruñeko karrikak eta plazak eszenatoki inprobisatuak bihurtzen dira bertako eta nazioarteko antzerki taldeetarako. Antzezlanak hiriko historian, tokiko elezaharretan edo klasiko unibertsalen egokitzapenetan egon ohi dira inspiratuak, eta antzerkiaz leku paregabeetan gozatzeko aukera ematen zaio publikoari.

    Kontzertuak

    Musika funtsezkoa izaten da udan. Musika arloko eskaintza askotarikoa da eta genero aunitz hartzen ditu barne, bai bertako taldeen kantaldiak, bai artista ospetsuen emanaldiak. Ekitaldiak Gazteluko plazan edo Ziudadelan egiten dira, bietan ere jai giroa sortuta.

    Haurrendako jarduerak

    Haurrek ere beren lekua dute ekimen horietan. Izan ere, hiriko hainbat tokitan, eskulan lantegiak, ipuin-kontalariak, jolas tradizionalak eta haur ikuskizunak antolatzen dira haurren gozamenerako eta ikaskuntzarako, den-dena familia giroko ingurune seguruan.

    Funtsezko lekuak ekimenak gozatzeko: Harresiak, Ziudadela eta karrika ospetsuak

    Iruñeak eszenatoki historiko ugari eskaintzen ditu uda parteko kultur jarduerak egiteko, guztiak ere ezin aproposagoak baitira.

    Harresiak

    Iruñeko harresi-barrutia (eta bertako bastioiak, lubanarroak eta ate historikoak) hiriaren iraganeko defentsaren lekuko izateaz gain, gune bizi-bizia ere bada eta toki aproposa zinez kontzertuak, erakusketak eta atari zabaleko antzezpenak egiteko.

    Ziudadela

    Ziudadela Iruñeko lekurik adierazgarrienetako bat da. Antzinako barruti militar hori parkea eta kultur gunea da gaur egun eta, bertan, arte erakusketak, jaialdiak eta ekitaldi jendetsuak egiten dira, natura eta ondarea uztartzen dituen ingurune zoragarria eskainita.

    Karrika ospetsuak

    Ospakizun horiek egiten direnean, jende mugimendu handia izaten da Estafeta, Mercaderes eta kale Nagusian, bai eta Gazteluko plazan eta Udaletxekoan. Erdi Aroko merkatuak, segizioak eta emanaldi ibiltariak egiten dira kalez kale eta txokoz txoko, bisitariei aukera ederra emanda hiriaren bihotzean barneratzeko.

    Nola parte hartu deus ere galdu gabe: Datak eta gomendioak

    Ekitaldi guztiak ahalik eta gehien gozatze aldera, hartu kontuan zenbait gomendio:

    Funtsezko datak

    • Harresietako Jaialdia: Oro har, abuztuan egin ohi da. Data zehatzak urtetik urtera alda daitezke; horrenbestez, onena da egitarau ofiziala kontsultatzea Iruñeko Udalaren webgunean.
    • Batasunaren Pribilegioa: Ospakizun nagusia irailaren 8an egiten da, baina jarduerak data horretatik hurbilen dagoen asteburu osoan izan ohi dira.

    Gomendioak

    • Plangintza: Jarduera asko doakoak eta aire zabalean direla kontuan harturik, onena izaten da garaiz iristea toki ona hartzeko eta ikuskizunez eroso gozatzeko.
    • Non lo egin: Data horietan Iruñera etortzeko asmoa baduzu, erreserbatu zure ostatua garaiz, bisitari kopuru handia izaten baita.
    • Informazio eguneratua: Kontsultatu iturri ofizialak, hala nola Iruñeko turismo weba edo Iruñeko Udalarena; horrela, informazio xehatua jasoko duzu bai programazio ofizialaz, bai azken orduko aldaketez.

    Iruña udan helmuga zoragarria da historia, artea eta entretenimendua gogoan dituztenentzat. Izan ere, dela Harresietako Jaialdia, dela Batasunaren Pribilegioa, bi-biak, aukera paregabeak dira hiriaren kultur aberastasunean murgiltzeko eta ekitaldiak eszenatoki historiko paregabeetan gozatzeko. Horrenbestez, data horietan Iruñera bazatoz, esperientzia zinez zoragarria biziko duzu.

  • Iruña udan: Nahitaez ikusi behar dituzun jaialdi eta ekitaldiak

    Iruña udan: Nahitaez ikusi behar dituzun jaialdi eta ekitaldiak

    Iruñeko udaldia sanferminez haratago doa. Hiriak ekitaldi sorta zabala eskaintzen du, hots, kultur saioak, musika jaialdiak, atari zabaleko jarduerak eta gastronomia esperientziak. Horrenbestez, helmuga ezin aproposagoa da arteaz, historiaz eta naturaz gozatu nahi dutenendako. Jakizu Iruñeak udaldirako prestatua duen guztia.

    1. Sanferminak eta haien eragina hirian: Funtsezko datak eta nola bizi jaiak

    Sanferminak, uztailaren 6tik 14ra, Iruñeko ospakizunik ospetsuenak dira. Bederatzi egunez, bizikidetzak eta pozak goitik behera hartzen dute hiria. Udaletxe plazako Txupinazotik Gaixoa Nira bitarte, sanferminek adin guztietarako ekitaldiak eskaintzen dituzte. 

    Iruñeak kultur jarduera ugari eta atari zabaleko kontzertuak eskaintzen dizkie Festak bestela bizi nahi dituztenei. 

    2. Kultur eta musika ekitaldiak: Flamenco On Fire, Harresietako jaialdia eta beste

    Iruñeak bere kultur bizitasunari eusten dio uda osoan, hiria artez, musikaz eta ikuskizunez betetzen duten jaialdien bidez. Hona hemen ekitaldi nabarmenetako batzuk:

    • Flamenco On Fire: Jaialdia Sabicas gitarrista iruindarraren omenez egiten da eta flamenko munduko figurak biltzen ditu hiriko antzoki, plaza eta balkoietan.
    • Harresietako Jaialdia (abuztua): Ziudadela eta harresiak eszenatoki bihurtzen dituen ekitaldia da, zirku, dantza eta musika arloko ikuskizunak eskaintzeko, ondare historikoa eta kultura garaikidea uztarturik.
    • Batasunaren Pribilegioa (irailak 8): Iruñeko Erdi Aroko hiru burguen batasuna (1423) ospatzen duen ekitaldia da, birsortze historikoen eta kontzertuen bidez. Aurten, gainera, hiria sortu zeneko 2.100 urtemuga ospatzen ari da. 

    3. Atari zabaleko planak: Udako zinema, kontzertuak parkeetan eta gastronomia azokak

    Iruñeko uda aukera ezin hobea da atari zabaleko kultur ekitaldiez gozatzeko. Hona hemen proposamen erakargarrienetako batzuk:

    • Euskal pilotaren historiari buruzko bisita. Iruñeak altxor bat dauka, hots, pilota eta pilotalekuak. Agirien arabera, XIV. mendean bazen “jeu de paume” izeneko jokoa (esku-azpiaren jokoa). Bisitaren bidez, ederki ikasiko dugu kirol horrek gure hirian egin duen ibilbidea, haren garrantzia, apustuak, pertsonaiak eta bitxikeriak eta, horrez gain, hain ezagunak ez diren xehetasunak, hala nola emakumeek euskal pilotan izan duten lekua eta garrantzia. 
    • Udako zinema: Atari zabaleko film emanaldiak, familia osorako pelikulak ikusteko. 
    • Kontzertuak parke eta plazetan: Udako hilabeteetan, tokiko taldeak eta musika tradizionaleko taldeak hiriko hainbat gune publikotan aritzen dira.

    4. Turismo aktiboa inguruetan: Xendazaletasuna, ibilbideak bizikletan eta uretako jarduerak

    Kultura eta natura uztartzea xede dutenek paisaia ikusgarriak eta turismo aktiborako aukerak dituzte eskura Iruña inguruetan:

    • Donejakue Bidea: Iruña Frantses Bideko lehen gune handia da. Hirian, Ultreia Zentroa dago, ibilbidearen historiaz gehiago jakiteko. 
    • Xenda ibilbideak: Hainbat toki paraje ezin aproposagoak dira oinez ibiltzeko eta txangoak egiteko: Irunberriko Arroila, Urederraren Iturburua, Bide Berdeak eta Orgiko Oihana.
    • Txirrindularitza eta uretako kirolak: Nafarroa helmuga zoragarria da bizikletan bidez bide ibiltzeko, hainbat ibilbide baitaude, hala nola Eurovelo 1 eta 3, Plazaolako eta Bidasoko bide berdeak. Halaber, hurbileko ibaietan piraguismoa egin daiteke.

    5. Uda Iruñean gozatzeko aholkuak: non lo egin, garraioa eta klima

    Udan, Iruñeko egonaldia ahalik eta gehien aprobetxatzearren, garrantzitsua da funtsezko gauza batzuk kontuan hartzea:

    • Lo egitea: Sanferminetan eta beste jaialdi batzuetan, eskaria handia denez, gomendagarria da erreserba garaiz egitea. Hirian denetariko aukerak daude, hala nola hotelak, landetxeak eta beste asko. 
    • Garraioa: Iruñeko garraio publikoaren sarea ona da. Erdi tamainako hiria da, oinez egiteko modukoa; beraz, oinez edo bizikletaz ibiltzea aukera ezin hobea da. 
    • Klima: Uda partean, 15 eta 30°C arteko hozberoa izan ohi da. Gomendagarria da arropa arina eta eguzki-babesa eramatea, bai eta hidrataturik mantentzea ere.

    Iruña udan sanferminak baino askoz ere gehiago da. Ugariak dira jaialdiak, kultur jarduerak eta turismo aktiborako aukerak; horrenbestez, helmuga zoragarria da historiaz, artez eta naturaz betetako oporrak gozatzeko. Animatuko zara hiri bizi-bizi honek eskaintzen duen guztia ezagutzera?